Berriak

2016/02/13

“Nafarrak gara, Euskal Herriaren parte gara; eta nafarrak izanik, eskubide osoa daukagu gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko”

Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek aldarrikapen hunkigarria irakurri du Foruen Monumentuaren aurrean. Ekitaldian, EBBko presidenteak eta EAJ-PNVren gainerako lau Lurralde Erakundeetako presidenteek ere parte hartu dute.

rss Ezagutzera eman

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Nafarrak gara, eta hain zuzen ere horregatik, Euskal Herriaren parte garela sentitzen dugu. Nafarroa subjektu politikoa dela uste dugu, eta nafarrak izanik, eskubide osoa dugula gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko”.

Napar Buru Batzarreko presidentea den Unai Hualdek amaiera hunkigarria eman dio EAJ-PNVk, gaur goizean, Iruñako Foruen Monumentuaren aurrean egin duen ekitaldi ospetsuari; gaur, larunbata, eta bihar, igandea, jeltzaleak aurrera eramaten ari diren beren VII. Batzar Nagusiaren barruan.  Ekitaldia aurresku eta lore eskaintzarekin hasi da, eta ondoren, Nafarroak dituen eskubide historikoen, nafarren eskubideen, aldarrikapena egin da.  Horrez gain, gogorarazi da EAJ-PNVk ehun urte baino gehiago daramala gizarte iruindar eta nafarraren ehundura politiko, sozial, kultural eta afektiboan erabat errotuta. Nafarroako askatasunei egin zaien tributu honetan, halaber, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek eta alderdi jeltzalearen gainerako lau Lurralde Erakundeetako presidenteek ere parte hartu dute,  José Antonio Suso (ABB), Itxaso Atutxa (BBB), Joseba Egibar (GBB) eta Pako Arizmendik (IBB) hain zuzen ere. Ehunka alderdikidek eta alderdizalek jarraitu dute ekitaldia, zirraraz, Iñigo Urkullu lehendakariaren presentziarekin.

“Gaur, guretzat, Nafarroako EAJko emakume eta gizon guztiontzat, egun berezia da. Beste behin ere, 1977an gertatu zen bezala, Iruñan elkartzen gara, duela ia 40 urte egin zen Batzar hartan bezala, Euzko Alderdi Jeltzalea klandestinitatetik atera zenean. Horrek garbi erakusten du EAJk lurralde honekiko dituen konpromiso eta maitasuna. Lurralde honek gure jaiotza bizi izan zuen duela mende bete baino gehiago honezkero. Horrexegatik etorri gara hona gaur. Hain zuzen ere, hona. Monumentu honetara, gure foraltasunaren ikurra, gure autogobernuarena, murriztu eta ezabatu nahi zizkiguten eskubide batzuen defentsan sortu eta eraiki zena; eta gaur egun ere, badago eskubide horiek murriztu eta ezabatu nahi dizkigunik”, adierazi du Hualdek. “Nafarrak gara, eta horrexegatik, Euskal Herriaren parte garela sentitzen dugu”. Nafarroa subjektu politikoa dela uste dugu, eta nafarrak izanik, eskubide osoa dugula gure etrokizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko”.

NBBren presidenteak esan duenez, EAJ-PNV, Nafarroan, ordezkatu egiten du “XXI. mendeko abertzaletasun zibikoa, demokratikoa, integratzailea eta pertsona gutzientzako giza eskubide guztien defendatzailea, inor bazterrean uzten ez duena. Horrexegatik uste dugu, beraz, inoiz baino beharrezkoak garela Nafarroan. Erakundeetan ere ordezkaritza dugun Nafarroa, Geroa Bai koalizioaren bitartez, non Nafarroa anitz, demokratiko, integratu, garapenezko eta bakezalearen aldeko apustua egiten dugun. Hainbat urtez, gure eskubideen zokoratzea pairatu izan duen Nafarroa. Gure hizkuntza, ‘lingua navarrorum’, baztertua izan da, arrotza den zerbait bezala tratatua”, gaineratu du. “Herri bat osatzen dugu. Zazpi herrialdeetako herritarrak gara, eta borondate berberak batzen gaitu, kultura, hizkuntza eta egitasmo juridiko-politiko baten bitartez uztartzen gaituen komunitatea Nazio gisa onartua izatea alegia.  Gure etorkizunaren jabe izateko borondateak batzen gaitu. Erabaki esparru desberdinduak dituen subjektu politikoa izateko borondateak gidatzen gaitu. Euskara da gure herriaren hizkuntza, eta euskara sustatzea da gure lehentasunetariko bat”, aldarrikatu du Hualdek. “Nafarrak gara, euskaldunak, eta arrazoi horregatik, ez dugu gure herriko gainerako lurraldeei bizkarra emanda bizi nahi. Zubiak eraiki nahi ditugu Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Iparraldeko gure neba-arrebekin. Duela mende bete, batzuk Iruñan amesten hasi ziren amets gozo hura bizitzen jarraitzen dugu orain. Ez diezaiogun sekula amets egiteari utzi”, bukatu du.

Hualdek ekitaldia bukatu baino lehen, Ortuzar, Arizmendi, Suso, Atutxa eta Egibarrek irakurri egin dituzte, 1903tik, Foruen Monumentuan aurkitu ahal diren bost inskripzioak, honako hauek:

  1. "SE ERIGIÓ ESTE MONUMENTO PARA SIMBOLIZAR LA UNIÓN DE LOS NAVARROS EN LA DEFENSA DE SUS LIBERTADES, LIBERTADES AÚN MÁS DIGNAS DE AMOR QUE LA PROPIA VIDA". Pako Arizmendi (Presidente del IBB)
  2. "LA INCORPORACIÓN DE NAVARRA A LA CORONA DE CASTILLA FUE POR VÍA DE UNIÓN PRINCIPAL, RETENIENDO CADA REINO SU NATURALEZA ANTIGUA, ASÍ EN LEYES COMO EN TERRITORIO Y GOBIERNO". José Antonio Suso (Presidente del ABB)
  3. "JURABAN NUESTROS REYES GUARDAR Y HACER GUARDAR LOS FUEROS, SIN QUEBRANTAMIENTO ALGUNO, MEJORÁNDOLOS SIEMPRE Y NUNCA EMPEORÁNDOLOS, Y QUE TODA TRANSGRESIÓN A ESTE JURAMENTO SERÍA NULA, DE NINGUNA EFICACIA Y VALOR". Itxaso Atutxa (Presidenta del BBB)
  4. "GU GAURKO EUSKALDUNOK, GURE AITASOEN ILLEZKORREN OROIPENEAN, BILDU GERA EMEN GURE LEGEA GORDE NAI DEGULA ERAKUSTEKO". Joseba Egibar (Presidente del GBB)
  5. "GU EUSKALDUNOK BESTE JAUN EZTEGU JAUNGOIKOA BAIZIK, ATZEKOARI OSTATUA EMATEN DEGU ONIRIZKERO BAINO EZTEGU NAI AIEN UZTARRIA JAZAN. ADITU EZAZUE ONDO, GURE SEMEAK". Andoni Ortuzar (Presidente del EBB)