Berriak

2016/02/13

EAJ-PNVren VII. Batzar Nagusiak ‘Batasuna eta Indarra‘ agiri politikoa onetsi du, datozen lau urteotarako ekintza politikoaren gida

Bizitzari amaiera duina emateari, Gizarte Segurantza eta Pentsio Sistema propioari edo beharrezko berrindustrializazioari buruzko jakinarazpenak aurkeztu dizkie EBBk bere alderdikideei. Halaber, emakume eta gizonen arteko berdintasunean sakontzeko ebazpen-proposamena onartua izan da.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren VII. Batzar Nagusiak ‘Batasuna eta Indarra‘ agiri politikoa onetsi du, datozen lau urteotarako ekintza politikoaren gida

EAJ-PNVren VII. Batzar Nagusia hainbat dokumentu eta jakinarazpenen aurkezpen eta onarpenarekin Iruñean burutu da. Idazki hauek Sabino Aranak, 1895. urtean, sortutako alderdiaren agiriak eguneratzea eta hurrengo lau urteotan egingo duen ibilbidearen jarduera ildoak ezartzea dute helburu. Hartara, Batzar Nagusiak sei jakinarazpen ezagutu ditu kirolaren, gizarte segurantzaren, Euskadiren etorkizun ekonomikoaren eta bizitzaren amaiera duinaren inguruko jarduerak bideratzeko. Halaber, ahaldunek EAJ-PNVren eginkizunak arautzen dituen estatutuen aldarazpena eta emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Ebazpen Proposamena eta `Batasuna eta Indarra´ izenez deitu duten agiria onartu dute. Agiri honek gogora ekartzen du EAJ-PNVk 1977 urtean Nafarroako hiriburuan egin zuen lehen Aberri Batzarraren goiburua. Azken lau hilabeteotan, Uri Erakundeek Batasuna eta Indarra testua aztertu eta landu dute eta 381 zuzenketa aurkeztu dituzte. Zuzenketa hauek Herrialde Batzarretan baloratu eta bozkatu ondoren, 199 geratu dira Batzar Nagusian jorratzeko eta bozkatzeko.

AGIRI POLITIKOA

‘Batasuna eta Indarra’

‘Batasuna eta Indarra’ agiri politikoaren bidez, EAJ-PNV Batzar Nagusian aurkeztu da hurrengo lau urteotarako jarduera politikoaren ildo nagusiak zehazteko helburu irmoarekin. Horretarako, testuak zehazten du helburua dela Espainiar estatuarekin bestelako harremana lortzea Euskadiren Estatus Politiko Berri batetik abiatuz euskal aberriaren aitortzan, aldebitasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta. Idazki honek jeltzaleek, autogobernuaren esparruan, orain arte, izan duten idearioa eguneratzen du. Eta zentzu horretan, adierazten du Espainiar estatuak trantsizio berriari ekin behar diola eta ez bakarrik alderdibitasuna desagertuko delako, baizik eta gehiengo absolutuetan oinarritutako politika egiteko moduaren amaiera iritsi delako. Era berean, dokumentuak Estatuko konstituzioaren erreforma hurbila aurreikusten du, Espainiako alderdi politikoek aldarazpen edo itun handiak iragartzen ari diren heinean; horien artean daudela Estatuaren lurralde egituraketari eta egituraketa politikoari dagozkionak. ‘Batasuna eta Indarra’ laburtu eta etorkizunera proiektatzen du EAJ-PNVk, Euskadirentzako Estatus Politiko Berria lortzeko helburuarekin, azken urte hauetan garatu dituen elementuak. Estatus horren ezaugarriak lirateke Euskadi Nazio gisa aitortzea, Erabakitzeko eskubidea, Erabaki esparruak, atxikimendu askea, arbitraje organoak eta aldebikotasuna, Eskuduntzak eta Ordezkaritza Europan.

EBAZPEN PROPOSAMENA

‘Emakume eta gizonen arteko berdintasuna

Galdakaoko Uri Erakundeak Batzar Nagusiari aurkeztu dio “Emakume eta Gizonen arteko berdintasuna” izenburuko Ebazpen Proposamena. Idazki honetan Alderdi osoari proposatzen zaio genero ikuspuntua bultzatzea martxan jarriko dituen politikoa guztien abiapuntuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko modu bakarra delakoan.

JAKINARAZPENAK

‘Nafarroa eta Baxe Nafarroa-Xiberua’

Nafarroako Uri Erakundeek eta Baxe Nafarroa eta Xiberuako Herri Biltzarrek Batzar Nagusiari jakinarazi diote Foru Erkidegoan ireki den aldi politiko berria baliatuta, elkarren arteko lankidetza garaia zabaltzeari ekingo diotela, Nafarroaren ikuspegi globala bultzatzeko, eta nolabait esanda, Iparralde eta Hegoaldearen arteko mugak ezabatzeko. Elkarlanean arituko dira uri erakundeak dinamizatzeko eta EAJ-PNVren alderdikideak mugiarazteko eta beren ekimenetara Euskal Herri osoko erakundeak, alderdi politikoak eta elkarte ekonomikoak erakartzeko.

‘Nazioarteko proiekzioa Amerikan´

Argentinako Euzkadiz Kanpoko Erakundeak eta Gurutzetako Uri Erakundeak Batzar Nagusiari aurkeztu dioten agirian eman dute aditzera Amerikako Euzkadiz kanpoko erakundeek Euskal Herriaren nazio eskubideen alde lan egiteko konpromisoa hartu dutela. Zentzu berean, beharrezko jotzen dute, Euzkadi Buru Batzarraren aldetik, Amerikako alderdi eta erakunde politikoekiko harreman egitasmoa abian jartzea, euskal erakundeek garatzen eta garatuko dituzten kanpo ekintza eta egitasmoekin bateragarria izan daitekeena.

‘Biziberritze industrialerako oinarriak´

Euzkadi Buru Batzarrak, Euskaditik kanpoko ekonomiei begira herri lehiakorra eta egonkorra izaten jarrai dezan, Aberri Batzarrean aurkeztu du Euskadiri, mundu globalean, ireki berri diren aukerak baliatzeko parada emango dion bideari ekiteko agiria. EBBren jakinarazpenean adierazten denez, 2015ean, suspertze ekonomikoa finkatu egin da eta ematen du ildo beretik segituko duela 2016 urtera begira. Dena dela, urte hau ere ez da ziurgabetasun eta aldaketa gabea izango, eta eraldaketa urtea izan daiteke. Zentzu horretan, EBBk helburu batzuk zehazten ditu euskal ekonomia lehiakorragoa, irekiagoa eta erakargarriagoa izan dadin, eta mundu globalean, lehiatzeko aukera handiagoak izan ditzan. Proposatzen dena da, azken finean, industriaren berpizkunde berritzaile eta modernoa. Planteatzen diren bideetako batzuk dira balio erantsia eskain dezaketen jardueren aldeko apustu irmoa; ezagutzaren transferentzia areagotzea, I+G+B esparrua enpresen zerbitzura jarriz eta beren beharrei erantzunez, nazioartekotzeko kultura sustatzea, eta bide horretan, Nazioartekotzerako Euskal Partzuergoarekin lankidetzan arituz, beharko diren lankidetza mekanismoak bultzatzea (bat egiteak, aliantzak, partzuergoak) enpresen dimentsio beharrari erantzuteko eta beren finantzaketa-bideen dibertsifikazioa lehenesteko.

‘Bizitzaren amaiera duina’

Euzko Alderdi Jeltzaleak, alderdi demokratikoa, anitza, parte hartzailea, konfesiorik gabea eta humanista den neurrian, eta pertsonen bizitza kalitatea hobetzen lagunduko duten aurrera egiteko mugimenduak onartzeko prest dagoen heinean, beharrezko eta egoki jotzen du euskal herritar guztiak ukituko dituen gai horien guztien inguruko jarrera ezartzea. Zentzu horretan, Euzkadi Buru Batzarrak Batzar Nagusian aurkeztu duen jakinarazpenean ezartzen dira administrazioaren aldetik bizitza amaitzeko prozesu osoan arreta egokia bermatzeko printzipioak, irizpideak eta baldintzak.

‘Kirolari buruzko hausnarketak

EBBk orain dela hiru urte hasi zuen kirolari buruzko oinarri agiriak eguneratzeko prozesua. Jakinarazpen honen helburua da alderdiak etorkizunera begira eman beharko dituen urratsak zehaztea, Euskadi Europako gizarte aktibo eta osasungarrien zerrendako lehen postuetan kokatzeko. Helburu horrekin planteatzen da Euskal kirol eredu inklusibo eta iraunkorra eraikitzea, eskuduntzak zehaztuko dituena eta esparru publiko eta pribatuaren arteko koordinazioa bultzatuko duena, jarduera fisikoa ere izan dadin motor ekonomikoa eta ekonomiaren suspertzaileetako bat. Agiriak ere azpimarratzen du kirola, praktika eta ikuskizuna den aldetik, gizarte sare egokiak ezartzearen bidez, euskal nortasuna ardazteko eragilea izan daitekeela.

‘Gizarte Segurantza eta Pentsio Sistema propio baterantz EAE eta Nafarroarentzat´

EBBk Batzar Nagusiari aurkeztu dion beste jakinarazpenak planteatzen ditu Gizarte Segurantzarako eta Pentsioen Sistemarako erregimen propioa eratzearen bidegarritasuna eta onura. EAJ-PNVk proposatzen duena da EAE eta Nafarroarako gizarte segurantza lortzeko bidea egitea, fase ezberdinetan. Lehenengo eta behin, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia burutu beharko litzateke, aurretik hitzartutako eredu baten oinarrian, eta Gernikako Estatutuank jasotzen duen moduan. Geroago, prestazio eredu publikorako oinarriak ezarriko lirateke euskal Gizarte Segurantza arautu beharko lukeen sarrera eta gastuen ereduari nahikotasuna emateko. Proposamen berean aurreikusten da, erkidego bietan, organo kudeatzailea sortzea, Lagunkidetza izenekoa, eskualdatze eredua prestatzeko eta gizarte segurantzaren kudeaketa osorik hartzeko. EBBk formula mistoa planteatzen du pentsio publikoa eta osagarria bateragarriak izan daitezen eta bien batuketa lanean jasotako azken soldatatik hurbil egon dadin. Euzko Alderdi Jeltzaleak babes sistema iraunkorra, babes kopuruan nahikoa, publikoa eta ez atzeragarria sortzea proposatzen du euskal herritarrontzako pentsio duinak bermatze aldera.