Berriak

2016/02/14

EAJ-PNVren alderdikideek Andoni Ortuzarrengan Euzkadi Buru Batzarraren presidente gisa duten konfiantza berretsi dute

EAJ-PNVren Batzar Nagusiak gaur berraukeratu du aho batez orain arteko burua izan dena; eta Aberri Exekutiba berritu du, burukide berriak aukeratuta

rss Ezagutzera eman

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Batzar Nagusiak, asteburu osoan Iruñeko Baluarte Jauregian batzartuta, Andoni Ortuzarrengan Euzkadi Buru Batzarraren presidente gisa duen konfiantza berretsi du, talde jeltzaleak, 2013ko urtarrilean Iñigo Urkullu ordezkatzeko aukeratu zuenetik hona egin duen lanari abala emanez. Batzar berean izan dira aukeratuak Ortuzarrek hurrengo lau urteotan bidelagun izango dituen 8 burukideak. Aberri Batzarrak aho batez bozkatu du (72 bozka) Ortuzar presidente gisa. EBB hurrengo lau urteotan osatuko duten 14 kideetatik, bederatzi izango dira Jeltzaleen Aberri Exekutibako burukide berriak.

Euzkadi Buru Batzar berriaren ezaugarria izango da aurreko exekutibarekin alderatuta, aurpegi berri ugari izango dituela. Karguan agintaldi berria egingo dute Ortuzarrek berak, Joseba Aurrekoetxeak, Koldo Mediavillak, Joseba Egibarrek (GBBren presidente gisa), Itxaso Atutxa (BBBren presidente gisa). EBBren burukide berriak izango dira Kepa Aldama, Mª Eugenia Arrizabalaga, Mikel Burzako, Ana Esther Furundarena, Iñaki Txueka eta Mireia Zarate, eta azken hilabeteotan herrialde ezberdinetan aukeratu dituzten presidente berriak: José Antonio Suso (Araba), Unai Hualde (Nafarroa) eta Pako Arizmendi (Iparralde). EBB utziko dute Gonzalo Sáenz de Samaniegok, Iñaki Goikoetxetak eta Aitor Olaizolak, Lorea Bilbaok, Nekane Alonsok eta Pilar García de Salazarrek maiatzeko udal eta foru hauteskundeez geroztik utzi zutelarik.

Iruñean egin den batzar honek ere balio izan du EAJ-PNVk 1977an Nafarroako hiriburuan ospatu zuen lehen Aberri Batzarra gogoratzeko. Batzar hartan, frankismo garaiko tunel ilun eta luzea gaindituta, EAJ-PNVk bere printzipio ideologikoak Euskadin eta Espainiar estatuan bizi ziren denboretara egokitu zituen eta ponentzia batzuk aurkeztu ziren talde abertzalearen funtzionamendu egokia bideratzeko.

VII. Batzar Nagusiaren bigarren eta azken saio honetan EAJ-PNVk amaitutzat eman du gaur, 2015eko abenduaren 22an hasi zuen barne hauteskunde prozesua. Prozesu honen helburu nagusiena izan da alderdiaren herrialde eta aberri exekutibak berritzea eta alderdiaren estatutuak eguneratzea.

Andoni Ortuzarren lanari babesa

Batzar Nagusiko ahaldunek gaur goizean berretsi duten erabakiak agerian utzi du alderdikide jeltzaleek babestu eta abala ematen diotela Andoni Ortuzarrek Euzkadi Buru Batzarraren presidente bihurtu zen mementotik hona egin izan duen lanari. Ortuzar Talde jeltzalearen aberri exekutibako buru bihurtu zen 2013ko urtarrilaren 12an, Iñigo Urkullu ordezkatu zuenean, azken hau Lehendakari izendatua izan zenez geroztik. Ortuzarren gidaritzapean, EAJ-PNVk oso emaitza onak lortu ditu azken hiru urteotan ospatu diren hauteskundeetan (Europar Legebiltzarra 2014ko maiatzean; udal eta foru hauteskundeak 2015eko abenduan) eta orain arte lortu ez den lidergo instituzionala eskuratu du alderdi jeltzaleak.

Andoni Ortuzar (Sanfuentes, 1962) kazetaria da lanbidez eta bokazioz, baina, une honetan, politikarekin eta EAJ-PNVrekin dauka konpromiso osoa Euzkadi Buru Batzarraren presidentea den aldetik. Etxetik datorkio abertzaletasuna, aita eta ama abertzaleak dituelarik, 14 urterekin EGI gazte erakundean sartu zen eta 1978 urtean EAJren alderdikide bihurtu zen. “Zerbait naturala izan zen-esan du. Politika oso bizia zen garai hartan eta oso gaztea nintzen arren, neure herriarekin konpromiso irmoa hartzeko beharra sentitu nuen”. Abantoko Sanfuentes auzokoa da eta bertan bizi da “munduko hiriburua da niretzat; Serantes mendia daukat bizkartzain eta Trianoko meatzeak aurrealdean, herri honen iragana gogora dezadan”.

EHU-UPVren Leioako campusean ikasi zuen Gizarte eta Komunikazio zientziak. Kazetari lanetan Herri Irratian eta DEIA egunkarian lan egin zuen. 1987an Eusko Jaurlaritzan hasi zen lanean, lehenengo eta behin kazetari gisa eta gero Jaurlaritzaren nazioarteko ereduaren sortzailea izan zen, Kanpo Ekintza Idazkaritza Nagusitik. EiTBko zuzendaria izan zen (1999-2008) eta geroago politikarako jauzia eman zuen, lehenengo eta behin Bizkai Buru Batzarraren presidente gisa (2008-2013) eta ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakari izendatua izan zenean, haren ordezko sartu zen EAJ-PNVren Aberri Batzarrak kargurako aukeratu zuenean.