Berriak
2016/02/13
Koldo Mediavilla: “‘Batasuna eta Indarra‘ Euskadiko autogobernuan aurrera pausu berria ematera bideratuta dago batez ere”
EBBren idazkariak azaldu duenez, testuaren oinarrizko elementuak dira “Euskadi nazio gisa aitortzea; Euskadi eta Euskadiren arteko aldebikotasuna erdiestea; eta erabakitzeko eskubidea onartu, aplikatu eta marko juridikoan txertatzea, baita erakundeekiko aldebikotasuneko esparruetan ere”
EAJ-PNV Iruñan egiten ari den Batzar Nagusian zehar, EBBren idazkari Koldo Mediavillak jakinarazi du alderdikideek onetsi egin dutela ‘Batasuna eta Indarra’ izeneko agiri politikoa. Idazki horrek zehaztu egiten du Alderdiak, datozen lau urteotan, aurrera eramango duen bide-orria, eta batez ere, “Euskadiko autogobernuan aurrera pausu berria ematera” bideratuta dago. Ildo beretik, adierazi du bere oinarrizko elementuak honako hauek direla: “Euskadi nazio gisa aitortzea; Euskadi eta Euskadiren arteko aldebikotasuna erdiestea; eta erabakitzeko eskubidea onartu, aplikatu eta marko juridikoan txertatzea, baita erakundeekiko aldebikotasuneko esparruetan ere”.
Mediavillak zehaztu du EAJ-PNVren 650 ordezkari inguru batu direla, Baluarten, ‘Batasuna eta Indarra’ agiri politikoari oniritzia emateko, “nondik gatozen aztertzen duen idazkia, EAJ-PNVn 1977tik egiten dugun azterketatik abiatuta, eta gure etorkizunerako apustua”. Boto eskubidea duten ordezkari guztien artean (325), idazkiak 318 aldeko boto izan ditu, 4 kontrako boto eta 3 abstentzio. Burukide bizkaitarrak azaldu duenez, uri erakundeek, orotara, 390 zuzenketa aurkeztu dizkiote ‘Batasuna eta Indarra’ izeneko jatorrizko testuari. Horietatik, 140 zuzenketa onartu dira, eta beste 35, adostu egin dira erdibideko testuen bitartez. Onartutako aldaketek “ez diote oinarrizko aldaketarik ekarri” testuari, estilo edo arlo literarioei buruzkoak izan baitira.
Modu berean, Batzar Nagusiak onespena eman dio EAJ-PNVren barne araudien eguneraketari. Aldaketa horiek “indarreko legedi berrira” egokitzeko dira, hala nola, Gardentasunari buruzko Legea edo Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzkoa, “ezinbestekoa izanik Alderdiaren Estatutuak irizpide horietara moldatzea”, azaldu du Mediavillak.