Berriak

2016/02/14

Nafarroa, EAE eta Iparraldearen bideek “askatasunerako etorbidean bat egin dezaten” lan egiteko konpromisoa hartu du Ortuzarrek

EAJ-PNVren burua izateko, aho batez, berrautatua izan ondoren, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak dio “ohoratuta eta harro” sentitzen dela, “zorretan, 77tik hona, EAJren urratsak gidatu dituztenekin”

rss Ezagutzera eman

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Nor bere erritmoan, nor bere pausura, eta herritarren borondatearekin ados, baina zutunik gaude denok, eta bidean. Gure lana da, eta hori da gaur, hemen, EAJren izenean, hartzen dudan konpromiso nagusia, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidego eta Iparraldearen bideek askatasunerako etorbidean bat egitea, denok sartzen garen kale zabalean; eta guztiok bideratu gaitezen garapen eta justizia sozialeko etorkizunerantz. ‘Zazpiak Bat’ berria, gure Batzar Nagusiko leloan ageri den ‘Guztiok Bat’ hori. ‘Guztiok Bat’ libre erabakita, ‘Guztiok Bat’ batasuna indarra delako, ‘Guztiok Bat’ elkarrekin hobeto biziko garelako”.

Andoni Ortuzarrek ezin izan du bere emozioa gorde, eta ez du bere esker ona estali nahi izan, aho batez, eta datozen lau urteotarako, EAJ-PNVren presidente hautatua izan eta, minutu batzuk beranduago, eman duen hitzaldian. Bere hitzei txalo zaparrada luzea eskaini diete Baluarte Kongresu Jauregian bildu diren 1.500 bat bertaratuek, horien artean, Nafarroako lehendakari den Uxue Barkos; Iñigo Urkullu lehendakaria; Manu Aierdi, Nafarroako lehendakariordea; Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hurrenez hurren; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidente andrea, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako, Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto y Eneko Goia alkateak, beste batzuen artean.

Bere hitzaldiarekin, jeltzaleek amaiera eman diote asteburu honetan, Iruñan, egin duten Batzar Nagusiari. Ekitaldi horretan, omenaldia egin zaie EAJ-PNVk, 1977an, Iruñan egin zuen Batzar Nagusi historikoaren sustatzaile eta partaideei. Batzar hura oso presente egon da, gaur, Ortuzarren hitzaldian. “Gaur, ohoratuta eta harro sentitzen naiz, zorretan, 77tik hona, EAJren urratsak gidatu dituztenekin. Ia egunero, une batean edo bestean, burura datorkit zalantza, ardura, inoiz estutasuna ere, ea nire aurretik egon direnek emandako maila emango ote dudan. Duela minutu gutxi, EBBren presidente hautatu nautenean, pentsamendu hori zetorkidan. Eta baietz diotsat neure buruari. Euren maila eman behar dugula, euren lanarekin jarraitu behar dugula, euren lekukoa hartu behar dugula. Merezi duela Herri honen alde lan egitea. Merezi duela, orain, EBB uzten duten bezalako pertsonekin lan egitea. Merezi duela buruz buru egotea, politikaren munduan jausten ari den zaparradarekin ere, gure zuzendaritza berrian parte hartzeko urratsa ematen duen jendearekin. Eta batez ere, merezi duela zuekin eta zuentzat lan egitea, Euzko Alderdi Jeltzalearen oinarria zaretenokin, gure benetako indarra. Egon direnei, datozenei eta alderdikide guztiei: esker mila horrelakoak izateagatik. Eta esker mila jasotako babesagatik. Emozioz, esker onez eta guztiz kontziente, adierazten dizuet Aldeardiarekiko eta Euskadirekiko leialtasun osoa, eta seriotasun osoz zin dagit nire azken hatsa ere emango dudala Euskal Nazioaren alde”.

Ortuzarrek gertakizun bat ere kontatu du (“lehengo egunean, lagun batek esaten zidan EAJ ‘Ibiltari Nekaezina’ dela: ibilbide aparta baina laburreko lasterkarien aurrean, hark aditzera eman nahi zidan ibilbide luzeko lasterkarien garrantzia eta ontasuna, erresistentzia handiko ibiltariak, distantzia luzeetan, amore eman gabe, ibiltzeko gai diren horiek”), Batzar Nagusiaren aurrean, presiditzen duen Alderdiaren ibilbidea aldarrikatu baino lehen. “Jardun politikoa, zintzotasun etikoa eta purutasun demokratikoa euren agerrerari esker etorri direla uste dutenen adanismoaren aurrean, Alderdi honek, Euzko Alderdi Jeltzaleak, bere ibilbidea aldarrikatzen du, baita, 120 urte hauetan zehar, garatu duen eredua ere. Xalotasunez, askotan erratzeak eta erortzetik askotan altxatu beharrak ematen diguten apaltasun horrekin, euskal historiaren une erabakigarri honetan, agerian uzten dugu Euskadi eta bere jendearekin dugun konpromisoa. Gu ez ginen atzo jaio eta ez dugu uste egia absolutuaren jabe garenik ere. Ideal batzuen zerbitzurako tresna gisa jaio ginen. Eta hori izaten jarraitzen dugu. Guztiontzako ongiak mugitzen gaitu, Euskal Herriaren ongiak, bere biziraupenak Nazio gisa. Denbora luzea daramagu ibiltzen, baina nekaezinak izaten jarraitzen dugu. Hau da Euzko Alderdi Jeltzalea”.

Ortuzarrek iraganera begiratu du, baina oso kontuan izan ditu oraina eta etorkizuna bere hitzaldian, oinak lur gainean. “Berrogei urte beranduago, hemen gaude berriro, gaur, hiri honetan, Lurralde honetan, EAJk pertenentzia-lotura estua duen hiri eta Lurralde honetan. Iruña leku berezia izan da, lekua berezia da, eta leku berezia izango da, hiriburua abertzaleon bihotzetan, gure Alderdiaren une berezietarako leku hautatua eta desiratua. Nafar gizartearekin konprometituta dagoen alderdia, gizartean inbrikatua, haren etorkizunarekin konprometituta, eta ilusioz beterik, Geroa Bai-ren laguntzarekin, kontsolidatzen laguntzen ari garen aldaketa politiko eta sozialarekin. Nafarroak igo egin behar du aurrerabidearen trenean, autogobernu positiboaren tren horretan. Bere nostasunak definitu behar du Nafarroa, eta ez izan behar ez duen horrek; bere etorkizunaren jabe izan behar du, eta ez azken urteotan izan dena, Nafarroa ukapenaren oinarrian definitzen zutenen eta integrazionismo soila defendatzen zutenen arteko borrokarako gaia alegia.  Ez bata eta ez bestea: herritar nafarren borondatea. Nafarroarako nahi dugu gainerako Lurraldeetarako nahi dugun gauza bera: gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna; Euskararen Lurraldeen arteko barne harremanak nolakoak izan behar duten erabakitzeko gaitasuna, guretzat Euskadi denaren barruan; baita inguruko lurraldeekin harremanak erabakitzeko eskubidea ere, “Malato Zuhaitzatik harago dagoena”, 77an esaten zuten bezala.

Buruzagi jeltzaleak adierazi duenez, Iruñako Batzar Nagusiak aukera eman dio EAJri “bidean eten bat egiteko, bide korapilatsuetatik eramango gaituzten datozen etapak planifikatu ahal izateko, eta horretan, inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira norabidea, zuhurtzia eta ahal bezain batuago joatea, ideiak garbi izanik. Euskal Autonomia Erkidegoan, gure Autogobernua berpentsatzeko prozesuan bete betean sartuta gaude; Estatus Politiko berria argira ateratzeko prozesuan, euskaldunok barru barruan sentitzen dugun hori legez jaso dezakeena: nazioa garela, eskubide politikoak dituena eta bere etorkizuna libre erabaki behar duena. Nafarroan, galdutako denbora berreskuratzen ari gara. Bide zuzenetik eramaten ari gara Nafarroa berriro, baina motxila astuna utzi digute, aurreiritziz betea, albo batera utzi beharrekoak. Aldaketa egonkortu behar dugu. Eta Iparraldean, mahai gainean jartzen ari dira, duela gutxi arte, pentsaezina zen bidaiarako mapak, oraindik zehaztu gabe dagoena, baina lehenbizikoz, Iparraldean Euskal Erakunde bat, Euskalduna soilik, edukitzera eraman gaitzakeena”. Ondorioz, hiru euskal errealitate administratiboek daramatzaten hiru bideek bat egin dezaten lan egiteko konpromisoa hartu du Ortuzarrek, eta aldarrikatu du “euskal nazioa, batez ere, pertsonen nazioa dela. Pertsonak dira bere existentziaren arrazoia. Hainbeste langabetu dagoen bitartean, geldi egongo den nazioa. Baztertuta egongo den nazioa bazterrean dituen horiek berreskuratzen saiatzen ez bada. Itxita egongo den nazioa kanpotik etorkizun berri baten bila, harrera egin diezaiokeen lurraren bila, datorrenari ateak ixten badizkio. Antzua izango den nazioa, gazteak beren alde eta beren Herriaren alde egin dezaketen garrantzitsuena egin dezaten animatzeko gaitasunik ez duen bitartean, hau da, berton hazi eta biziko diren sema-alabak eduki ditzaten, datorren mendeko Euskadi bermatze aldera. Sostengaezina izango den nazioa gure ingurumenaren arrazoizko garapena sortzeko gai ez bagara. Gure Aberria, gure Nazioa, hezur-haragizkoa da, baina gure proiektu politikoak arima eduki behar du ere bai. Horrexegatik, nahi dugun nazioa, martxan dagoen nazioa da, solidarioa, barneratzailea, irekia, emankorra eta jasangarria”.

EBBren presidenteak ez du aipatu gabe utzi espainiar Estatuak bizi duen egoera politiko asaldatua, Euskal Herrian eragin handia duena, eta horren aurrean, egonkortasuna, zentzutasuna eta sen ona eskaintzeko prest dago EAJ-PNV. “Elkarrizketa, adostasunak bilatzea, EAJren identitate zeinua da. Etxe barruan praktikatzen dugu, Euskadin, eta era berean, uste dugu gure obligazioa dela hori onartzea beste alderdi bat denean proposamena egiten diguna. Normala dela ematen du. Tira, ba Madrilen ez da batere ohikoa”, deitoratu du, Madrilen, gobernua osatzeko prozesuaren aurrean, jeltzaleek duten jarrera ezarri aurretik. “EAJren jarrera gardena da. Gure lehentasuna Euskadi da. Hemen hasi eta bukatzen guztia da guretzat. Madrilekin elkar ulertzeak ez gaitu ikaratzen. Baina nor bere etxean, eta bere etxetik. Horregatik esan diogu, argi eta garbi, Alderdi Sozialistari eta bere hautagaia den Pedro Sanchezi gurekin geroago hitz egin behar duela, bere gobernu formula eta formula hori norekin gauzatuko duen argitu ondoren. ‘Beren’ etxerako, Espainiarako, programa ezagutzerakoan, guk ikusi ahal izateko hori zelan uztar daitekeen ‘gure’ etxerako, Euskadirako, nahi dugunarekin. Hortik aurrera, mahai gainean jarriko dugu ‘euskal agenda’ deitzen dugun hori. Agenda horrek autogobernuaren, bake eta bizikidetzaren, eta krisi ekonomikotik ateratzeko aldaketaren epigrafeak dauzka. Eta erabakiko dugu zein izango den inbestidurarako izango dugun posizionamendua, baita Espainiako gobernu berriarekin lankidetzan aritzeko izango dugun jarrera ere, gure proposamenak nola hartzen dituzten kontuan izanik”. Ortuzarrek esan du bere nahia dela, Madrilen, “taburik gabe, edozertaz, hitz egin ahal izateko eszenatokia irekitzea, debekatutako gairik gabe: Estatuaren erreformaz, Euskadiren nazio aitortzaz, erabakitzeko eskubideaz, krisi instituzionalaz, ustelkeriarekin bukatzeko neurriez, politika berritzeaz… Benetan espero dugu eszenatoki hori ireki ahal izatea. Irekitzen bada, bertan izango da EAJ, ondorio guztiekin. Baina zintzotasunez, oraindik berde ikusten dugu aukera hori. Gure ustez, Espainiako politika taktiken mendean dago, ondo geratu nahi duelako bakoitzak bere entzuleen aurrean, itxikeria hutsaren mendean. Hori ez dator bat guk daukagun politika egiteko moduarekin. Antipodetan gaude”.

Bukatzeko, EBBren presidenteak oso mezu zuzena bidali nahi izan die euskal gazteei, baina bereziki, familia jeltzalea osatzen duten gazteei. “EGI eta EAJko gazteok, zuen txanda da. Guri ukabil itxitik brotxa hartzera igarotzea egokitu zaigu Euskadi berria marrazteko. Zuei, orain, Alderdia eta Euskadi digitalizatzea dagokizue. Pausu bat aurrera emateko eskatzen dizuegu. Partaidetza, gizarte eraldaketa, politika egiteko modu berrien bila ari diren belaunaldi berriek hori guztia aurkituko dute zaharra, baina aldi berean, modernoa den Alderdi honetan, ‘Ibiltari Nekaezina’ berdintasunaren, oparotasunaren, justizia sozialaren eta Euskadiren askatasunaren bilaketa berri etengabean. Mugimemdu demokratiko, humanista eta konprometitua. Mugimendu idealista idealak dauzkagulako. Eta erronka handia, Euskadi globala, Basque Country munduan aitortua izatea.  Gure esku dago, gure ahalegin eta gaitasunen arabera, gure adimen eta adorearen arabera, gure indar eta batasunaren arabera. Hau da Euzko Alderdi Jeltzalea. ‘Guztiok Bat’. Lotu ondo botak, makila eta motxila hartu. Bidaia aurrera doa”.